(Oierrek, gure lagunak, sexilioak iradoki dionarekin egin duen ilustrazio ederra)
Bilboko “ kolosala izango da! ” manifaren ondorengo orduetan, gau giroan murgildu ziren asko. Gau giroan alkolarekin edota drogekin ligatzen dute batzuk; beste batzuk, plazerra eta desira abandonatuak betetzeko prest abiatzen dira gauaren ilunerantz. Ezinezko tabernetara. Badulakera, esaterako.
Oier, gure lagun maiteak, gau horretako kronika bidali digu gure blog-ean jarri dezagun. Bere hausnarketa gurera ekarri nahi izan dugu eta bihotzez eskertu, gurean parte hartzeagatik.
Maritxuen ustezko askatasun giroan, harreman heterosexuletan ematen diren eskema berdintsuak errepikatzen ote diren hausnarketa egiten du Oierrek. Zuena da hitza, nahi izanez gero ekarpena egiteko.
………………………………………………………..
Sexilioan bizi ez naizela uste dut. Ez behintzat nik neuk sortutakoan, nire baitako sexilio txikia izan badezaket ere. Nire ingurukoak eragindako sexilio intermitentea, maiz nire buruari, parkinetako sartu-irteneko barrrerak bezalakoak jartzen baitizkiot. Ireki eta itxi egiten direnak; sartu edota ateratzen direnen ondorioz.
Atzo, Iruñeako kaiola gero eta ertsiagotik, bidea hartu eta KOLOSALA izanen zen Bilbora alde egin nuen. Aldarria egin ostean eta poztasun eta ilusioz ohikoak ez zaizkidan aurpegiak eskaneatzen hasi nintzen. Tabernatik tabernara, potea eskuetan, bizipen kolosala ekarriko zidan pertsonaren ikus-zai.
Gure hiriburu txikiak eskeintzen dituenak baino espazio naturalagoak ditu Bilbok sexilio bidai txartelak hartzeko.
Atzokoan, ni eta nire lagunok, sexiliorako txarteldegietan kubatak hartzen ginela, normalki baino bidaiari gehio zegoela somatu genuen. Bidaiariz lepo, ia ia bidai txartelak ezin hartzeko moduan.
Badulake txarteldegia, ez da izaten destinorik arrakastatsuena. Ez behintzat Rondako Herrikoa edo Somera errepublikarakoa bezain jendentsua. Atzo ordea, azaldu ezinezko betetzea zegoen. Pentsa zitekeen Rondarako bidai txartela hartuta zutenak nahasturik zirela, soinean generaman presoen pegatina zela eta. Baina ez zen hala izan. Nahaspenik ez zen hor; Bidai kitzikagarri eta berri bat hartzeko prestutasuna zen han zegoena.
Sexilioaren nire/gure bidaia luzatu zitzaigun gau osoan zehar, ia ia Badulake txarteldegitik mugitu gabe. Despegea egiteko mementua heldu zen arte. Badulakeko txarteldegia itxi eta errepublika beltz zein ilunetarako bidailekuak baino ez ziren geratzen. Hoiek hartu genituen. Batzuk bidailagunak zituztela, besteok aurkitzeko zai.
Topatu genion elkarri. Berak 29, nik 25. Ez da asko 4 urteko aldea. Baina goitik edo behetik begiratuta aldatzen da kontua. Hor nonbait, hasi zitzaizkidan nire baitako parkineko barrerak jeisten. Nik jeitsi nituela ohartu bezala, irekitzeko momentua zela erabaki nuen.
25 urte ez da asko. Baina ez da gutxi ere. Bidaiez bidai jarraitzeko gogoa dut nik. Sexilioa hartzeko noizbehinka hiriburu honetatik urrun.
29koak bidaiatzeaz ahaztuta zegoela ematen zuen baina. Kosta zitzaion bidaia nola egiten zen asmatzea eta orduko, bazebilelaz ohartzea. Ni nintzen haren bidailaguna. Urduri baina prest zegoen bidailaguna.
Lagunek utzi ninduten. Lagunek utzi zuten. Bakarrik ginen gure bidaiaren hastapenean. Hitzak, hurbilpenak eta begiradak. Alboan bidaia paralelotan bi lagun genituen. Noiz edo noiz lehiatilatik gure bidaiaren despege ezak ikuskatzen.
Luze joan zitzaigun bidaia.
Luze hastapenean; gerora, geratu zen bidaia.
Fisikoki despegatzen ez zuenez, dialektikoki abiatzeko bidaia hartu nuen nik. (¡Maldita mente racional! ) eta orduan, argitu ziren errepublika beltzak.
Aspaldi, sei urtez, mutilagunarekin bizi zela. Bizi poz betea ekartzen omen duten hitz klabeak bota zituen: Mutil laguna.
Gure sasi onarpenean eta harrotzean, harrotze maritxuan, parkineko barrera bihurtzen diren hitz gakoak esan zituen. Gainontzekoen igualak egiten gaituzten hitz magikoak.
Barrera guztiak jeitsi zizkion bere parkinari baina, bertatik, bidai txartela erosita, bidaiaren hastapenetik mugitu gabe. Kontrako bidaia hartu gabe. Bertan, geldirik. Ez dakit zeri so… Sei urte eta bikotearekin “ondo gauz” zegoela. Beste bidaia batzuk ez bizitzeko moduan, hastapenetan geratzeko moduan.
Barrerak jeitsita, barreraren atzetik, bidaiaren hastapenari begira. Gogoratuz, eta berriz ere bizi nahiean bidaiak egiten zitueneko xarma. Maitatua ikusi nahi zuen bere burua. 25 urteko mutil batek maitatua. Bera 25 urteko mutila zenekoa gogora ekarriz.
Hara, han zen 29koa! Gogoz. Nahiaz. Baina “egingo nuke… baina bikotea dut” barrera jeitsiaz. Ustez sexiliorik beharko ez lukeen 29ko maritxuak ere, bidaia behar zuen askatasunezko utopia sexualerantz.
Eta ohartu nintzen orduantxe, ez nuela bidaiarik egin. Ez nuela, Iruñea utzita, onartutako errealitate “harrotuagoa” aurkitu. Ez zirela bidaiak egon. Ezta bidai txarteldegirik.
Bidailaguna eta alkohola izan ziren egondako gauza bakarra. 29 urtekoa lehena, 45 gradukoa bestea. Euskal Herria eta gure morala. 197.932 biztanle Iruñeak eta 355.731 Bilbok.
Eta sexilioa beti urrun. Gure herritik urrun.

[...] Sexiliatua.wordpress.com-etik hartua: [...]